Aller au contenu

Kanboko laborantza lurrak babesteko bildu dira

Ehunka lagun karrikara atera dira Bouygues Immobilier enpresaren proiektua oztopatzeko. Lurrak okupatu dituzte asteburu honetan

Marieniaren okupazioa

Kanboko (Lapurdi) karriketan barna protesta egin zuten atzo goizean ehunka lagunek. Marienea eremuko laborantza lurretan Bouygues Immobilier enpresak duen eraikuntza proiektuari aurre egin nahi diote herritarrek. Kanboko oposizioko Nahi Dugun Herria taldeak, FDSEA, JA Jeunes Agriculteurs eta ELB laborantza sindikatuek, Lurzaindia elkarteak eta Ostia sareak deitu zuten parte hartzera.

FDSEA eta JA sindikatuetako laborariak traktore gainean heldu ziren Kanboko Herriko Etxe aitzinera, eta haien gibeletik abiatu zen manifestazioa. Bertan zen Panpi Sainte Marie ELBko kidea. «Laborantza lur batzuk galtzeko arriskua bada. Gure xedea da laborari geroz eta gehiago izatea, biharko herritarrentzat beharrezkoa izanen baita elikagai burujabetza, egin ahala lekuan berean ekoitziz».

Amaia Beirie Kanboko oposizioko hautetsiak nabarmendu zuen Kanbon etxebizitza sozial eskasia handia izanik ere «beste aukera batzuk» badirela, «kalitate handiko lur horiek babestu behar» direlako. Harekin bat egin zuen Lurzaindiko Maryse Cachenautek ere. «Marieneko lurrak lur onak dira laborantzarako, baina artifizializatu ondoan ez dira gehiago emankorrak izanen».

Asteburuko okupazioa

Manifestazioa Marieneko eremuan bukatu zuten parte hartzaileek. Bertan, astebururako okupazioa muntatu dute, eta gaur arratsaldera arte iraunen du ekintzak. Ostia sareko kidea da Joana Detxart, eta honela mintzatu zen: «Auzitegietan abiatutako prozedurek ez dute oraindik emaitzarik eman. Anartean, okupazioaren bidea hartu dugu, eta dei egiten dizuegu Bouygues Immobilier enpresaren makinak etorriko direnean horiek oztopatzera».

Erraterako, Cadek, Lurzaindiak eta Nahi Dugun Herriak errekurtsoa abiatu dute Paueko Auzitegi Administratiboan, eta egin berri duten helegitearen emaitzaren beha daude.