Euskara Herriko Etxeetan

Nahi Dugun Herria euskararekin bat !

Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak positiboki ikusi dute kolore politiko ezberdinetako herriko hautes-zerrendek hizkuntza politika baten aldeko engaiamendua izanpetu izana.

Otsailaren 6an Kontseilua eta Euskal Konfederazioa elkarteek Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloaren herriko etxeetako garapena dokumentuaren aurkezpen publikoa bururatu zuten Baionako merkataritza ganbaran. Dokumentuaz gain, hautagaiei zuzendu Engaiamendua ere aurkeztu zuten. Aurkezpen hartan 20 bat hiri eta herritako hautagaiek parte hartu zuten.

Dokumentuak neurri konkretu sorta aberatsa jasotzen du euskara hainbat arlotan garatzeko, hala nola herriko etxeak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan, herriko etxaren komunikazio-jardueran, herriko etxeko barne funtzionamenduan edota herriak eragina duen eremuetan (hezkuntzan, eremu sozioekonomikoan, kulturan…).

Dokumentu hori edozein herriko etxek balia dezake, egokigarria delako herriko etxeak euskararen alde orain arte eraman lanaren arabera. Dokumentu hori beraz hizkuntza politika bat abiatzeko edo jadanik abiatutako bati segipena emateko eta sakontzeko balio du.

Engaiamenduaren bidez hautagaiak aitortzen du euskararen garapenerako hizkuntza-politika arloan herriko etxeak duen erantzukizuna eta hizkuntza-politikaren gauzapenean jendarte eragileek egiten dituzten ekarpenak. Horrez gain, hautagaia engaiatzen da hautetsi izanen herrian, ondoko sei urteetan, euskararen garapenaren aldeko hizkuntza-politika planifikatuak abian ezartzea eta garatzea.

Aurkezpen egun hartatik 33 hiri/herritako 55 zerrendek izenpetu dute engaiamendua eta beste batzuek hauteskundeen ondotik engaiatuko direla adierazi dute.

Ez da oraino berantegi engaiamendua izenpentzeko izenpetzaileen zerrenda erregularki eguneratuko dugu, herritarrek edozein mementotan jakin dezaten zertan den engaiamenduarekiko atxikimendua.

Engaiatzen segi daiteke

euskalkonfederazioa@deiadar.org edo

herrikoetxeak@kontseilua.eus helbidetara idatziz edo zuzenean www.deiadar.org/mapa webgunean

Herriko bozak pasaturik ere, engaiamendua izenpetzeko gonbidapena berriz luzatuko dugu.

Egungo baldintzak ezin hobeak dira euskararen aldeko hizkuntza-politika ausarta, orekatua eta harmonizatua garatzeko ipar Euskal Herri mailan. Ez dezagun aukera hori gal eta herriek aldeko baldintza hauek balia ditzatela!

Baionan, 2020ko Martxoaren 11a