Eskerrak

Gure alde bozkatu dutenei baita kanpaina  denboran sostengua ekarri diguten guziei gure esker beroenak ! % 27,70ko  emaitzari esker oposizioko 4 hautetsi Herriko Kontseiluan sartuko dira, Argitxu  Hiriart-Urruty, Philippe Bacardatz, Nathalie Aicaguerre eta Pantxo Michelena bai  eta hautetsi bat Errobi Herri Elkargoan, Argitxu Hiriart-Urruty.

Lortu dugun emaitza bitan historikoa agertzen  zaigu: lehen aldikoz abertzaleek Kanbo herriaren kudeaketan parte hartuko dute  eta denbora berean 2012ko legebiltzarreko eta 2008ko kantonamenduko  hauteskundeei begira 500 boz irabazi ditugu.

Beraz aitzinamendu azkarra, gure taldeak gauzatu  duen alimaleko lanaren ondorioa eta bereziki emazte eta gazte suharren fruitua,  denak elkarrekin jokatuz herritarrei proposatu baitiegu jendea, lotura soziala  eta Kanboko aberastasun guziak erdi-erdian dituen proiektu bat. Gure programaren  banatzen ibili girelarik erakutsi diguzuen begitarte onak hunki gaitu eta  horretaz ere eskertu nahi zaituztegu.

Gisa berean azpimarratu nahi dugu webgunea moldatu  duen Sylvine FAU lagunak obratu lan bikaina.

Denei esker zinezko oposizio bat, abertzalea,  ezkerrekoa eta ekologista izanen da azkenean Kanboko Herriko Etxean eta jakin  ezazue zuen laguntzarekin gauzak barnetik hartuko ditugula Kanbo eta Kanboarren  onetan gure ideiak aitzinarazteko. Demokrazia parte-hartzailea izanez gure  proiektuaren ardatz nagusia, saiatuko gira manera batez edo bestez  populazioarekin beti harremanetan egotea, preseski blog honen bitartez, berriak  hartzeko eta emateko gune aktibo bilakatzeko gisan laster birmoldatua izanen  dena .

Milesker eta laster arte.     »

  • © 2014