Skip to content

Etxebizitza bai, bainan ez laborantxako lurretan !

Marieniako afera dela eta, proiektu horren alde direnek behin baino gehiagotan erran dute etxebizitza eraikuntzaren kontra ginela.
Argazki honetan, ikusten ahal dugu Kanbo barnean egiten ari den etxebizitza eraikin bat (Nafarroako etorbidearen 3an). Alta, deus ez dugu egin proiektu horren kontra. Nola posible ote da ?
Hemen dugu aukera behin eta berriz erraiteko sekulan ez girela etxebizitzaren kontra izan, are gutiago etxebizitza sozialaren kontra. Marieniako proiektuaren kontra agertzeko dugun arrazoina, laborantxako lurren suntsitzea da.
Argazkian ikusten ahal dugun proiektua Kanboko herri erdi erdian kokatzen da, eta beraz ez du ingurumenarentzat hain kaltegarria den lurren artifizializazioan parte hartzen.
Klima aldaketak, idorteak edo Ukrainako gerlak egunero erakusten daukute laborantxako lurrak zaintzea funtsezkoa dela. Horiek ondasun baliotsuak izango dira ondoko belaunaldientzat.
Horren ondorioz, etxebizitza berriak laborantxako lurrak suntsitu gabe eraiki behar direla errepikatzen dugu.

Marienia ez hunki !