Skip to content

Marieneko bataila luzea

Marienia

2009ko Kanboko hirigintza planean Marieneko lurren izaera aldatu zen. Laborantzarako izan behar dutela diotenek borroka luzea daramate.

J.E.

Laborantzarako ziren Marieneko lurrak, 2009an Vincent Bru Kanboko garaiko auzapezak hirigintza planean 3,7 hektarea horien izaera aldatu arte: geroan urbanizatuak izateko estatusera pasatzea proposatu zuen. Prefetak erresalbuak plazaratu zituen, baina etxebizitza sozialak egiteko beharra zelakoan sailkapen horrekin egon ziren 2015era arte: Departamenduko bideak zatitzen dituen lurren parte bat eraikigarri izendatu zuten orduan. Nahi Dugun Herria taldeko hautetsiek, Cade elkarteak eta Lurzaindiak, orduz geroztik, etengabe aldarrikatu dute lur horien laborantzarako funtzioa, errekurtso legaletan eta karrikan.

Lurren sailkapenak definitzen dituen hirigintza planaren berrikusketa abiatu zuten 2014an, eta ondoko urtean, berrikusketa betean, bidearen ezkerreko aldeko lurrak (Itsasuko norabidean) berehala eraikigarri izateko sailkatu ziren. Helene Aizagerre Nahi Dugun Herria taldeko hautetsiak oroitarazi duenez, garai hartako auzapez Vincent Bruk berak erran zuen orduan hautetsi eta gaur egun auzapeza den Christian Deveze “tematu” zelako hartu zutela delibero hori. Promotoreekin “adiskidantza istorio ilunak” leporatzen dizkio gaur egungo auzapezari, Baionako errugbi klubeko partaideak izan baitira Marienean etxebizitza programak egin nahi zituzten promotoreak, auzapeza bera bezala.

2015ean, Devezen hurbileko promotore batek interesa agertu zuen lur horietan etxebizitzak egiteko; gaur egun, berriz, Bouygues taldea da ehun etxebizitza egiteko xedea duena. Lur horiek laborantzarako izan behar dutelakoan, errekurtso legalak eta mobilizazioak ugaritu dituzte oposizioko hautetsiek, Cade elkarteak eta Lurzaindiak. Orain, bidearen ezkerreko lurrak berehala eraikigarriak izan daitezke hirigintza planaren arabera.

Borrokan, “bururaino”

Okupazio deialdia zabaldu baino gehiago, Kanboko hautetsi Aizagerrek nahiago du abisu bat luzatu: prest direla luze egoteko. “Hor hiru eguneko mobilizazioa izanen da. Baina obra publikoetako edozein ibilgailu agertzen bada lur horietan, mobilizazio luze bat hasiko dugu. Ahalak ukanen ditugu. Erakutsiko diegu hiru egunetan zer egiteko gai garen, baina hor eginen duguna sei hilabetez egiten ahalko dugu, arazorik gabe!”.

Errekurtso desberdinak ere ustiatzen dituzte xedearen kontrakoek: Paueko (Okzitania) Auzitegiak ez zien arrazoia eman. “Zioen ez dugula frogatu lur horietan gereziak eta piperrak landatu daitezkeela”, dio hautetsiak. Bordelen (Okzitania) errekurtso bat defendatuko dute Marienea laborantzarako izan dadin, eta, han ere galduz gero, Parisko Auzitegira joanen direla iragarria dute.