Skip to content

Marieniako higiezin proiektuaren kontrakoak Kanboko herriko etxean mobilizatu dira

Marieniako lurren defendatzaileak Kanboko herriko kontseiluko gelan sartu dira, Christian Deveze auzapezari beren ikuspuntua aurkezteko. Honek orain artio ez die erantzun elkarrizketa eskaerei.
Manifestariek auzapezak elkarrizketarako borondatea ez ukaitea salatu dute. (© Guillaume FAUVEAU)

Dozenaka pertsona sartu dira Kanboko herriko kontseiluan hautetsiak bilkura hasi dutelarik, abenduaren 12an, asteartearekin. Ukatuak izan diren hitzordu eskaera batzuen ondotik, Marienia higiezinen proiektuaren kontrakoek bilkurara joatea deliberatu dute, Christian Deveze auzapezaren aitzinean laborantzarako lurren zaintzeko beharra defendatzera.

Kanboko herritarrak, ELB sindikatuko militanteak, Lurzaindia elkartea eta OSTIA kolektiboa bildu dira herriko etxearen aitzinean. Behin herriko kontseiluko gelan, auzapezari galdegin diote bizitegien eraikitze proiektua gai zerrendako lehen puntu gisa ezartzea. Azken honek erantzun die orotariko ahozko galdeen atalean jorratuko zuela. Baina, Maryse Cachenaut Lurzaindiako lehendakariaren ustez, Marienia ezin da orotariko gaitzat hartu, «gai inportantea da, gai minbera».

Nahi Dugun Herria oposizioko taldeko hautetsiek eztabaida galdea berretsi dute, baina auzapezak posizio bera atxiki du. «Behin baino gehiagotan hitz egin da kontseiluan», erantzun die, «orain hau ez da erabakitzeko tokia. Auzitegian gira, erabakiaren zain». Auzitegiek, oraindik Tokiko Hirigintza Planaren (HTP) legezkotasunari buruz deliberatu behar dute, bigarren instantzian, aldiz, lehen eraikuntza baimena anulatu dute.

Bigarren baimena onartua

Proiektuaren sustatzaileek aurkeztu duten bigarren baimena herriak onartu berri du. «Gaia ez da ez hirigintza batzordean ez laborantza batzordean tratatua izan», gaitzetsi du Lurzaindiako lehendakariak. Harago, laborariak eta haien lana kontuan hartzea da mikrofonoa eskuan galdegin duena. «Laborari gazteek lurrak behar dituzte; ez dago, eta gelditzen den gutia sakrifikatu dute», laburbildu du. Uste du hautetsiek ahalmena dutela HTPren bidez hori aldatzeko.

Eztabaida sutsuaren ondotik, manifestariak gelatik atera dira, talde abertzaleko zazpi hautetsiek segiturik. Ondotik, Peio Etxeleku eta Jean-François Lacosta gehiengoko kide ohiak gehitu zaizkie. Proiektuaren kontrakoek bigarren baimenerako errekurtso bat aurkezteko posibilitatea aztertuko dute.