Skip to content

Herriko kontseiluan proposatutako mozioari buruzko Nahi Dugun Herriaren adierazpena

Lehenik eta behin, pozten gara auzapez jauna untsa izaiteaz.

Apirilaren 10eko herriko kontseilua biziki gogorra izan da denentzat.

Lehenik, hedabide ainitzen erranak, amalgamak eta hitz okerrak aipatu nahi ditugu, komunikabide askotan berrargitaratuak, gertakarien errealitatea aldatuz. Fenomeno hau oso kezkagarria iruditzen zaigu eta salatu nahi dugu.

Halaber, politikari batzuen sare sozialetako komentarioek harriturik utzi gaituzte. Brisson jaunak azken hilabeteetan Kanboko herriko etxeko bizitza usteltzen duten “errabiatuak” aipatzen ditu, Frantziako auzapezen elkarteko presidentea den Gérin jaunak Deveze jauna “estremista batzuek bortxatu” dutela dio.

Hautetsien egitekoa ote da joko zikin hortan sartzea ?

Herriko Etxearen webgunean argitaratu agirian irakurri ahal izan dugu “oposizioko kide batzuen nahitako bortizkeriak herriko auzapeza proiektatu duela, buruan kolpatuz”.

Auzapezak 2024/04/14 ko Sud Ouest aldizkariko alean agiri horren arrunt kontrakoa dio : ongi dagoela eta ez dela hemen edo beste nonbait gerta daitekeen guziarekin amalgama egin behar, “laborariak ez zirela etorri gu fisikoki erasotzera, ez zela istilurik izan haien eta gure artean “.

Izan ere, asteazkeneko laborarien ekintza ez zen bortitza. Ez ditugu estigmatizatu edo kriminalizatu behar. Beren lan tresna defenditzerat etorriak ziren.

Onartzerat proposatzen diguten mozioak, besteak beste, dei egiten du “hautetsi eta kargu publikoeri egiten diren bortizkeria onartezinak fermuki gaitzesterat”, 2021az geroztik frantses estatu mailan salatuak izan diren hautetsien aurkako bortizkeria gertakariak aipatuz. Aipatu zenbakiek irain kasuak, heriotza mehatxuak, edo St Brévin-eko auzapezaren etxearen sutea biltzen dituzte.

Horrelako mozio baten bozkatzea 6 egun apirilaren 10eko herriko kontseiluaren ondotik ez ote dea amalgama baten egitea ? Guk, gertakari horren lekuko izan girenek, uste dugu mozio hori ez datorrela bat joan den asteazkenean gertatu zenarekin. Horregatik ez dugu bat egiten mozio proposamen horrekin.

Bestalde, mozio horrek hautetsi eta herritar guziak gomitatzen ditu mandatu hau modu baketsu eta partekatuan betetzen segitzeko, tokiko ekintza publikoa bere hurbileko zerbitzuen alde, eta kohesioa eta elkarbizitzaren faboretan egin dadin.

Hitzez haratago, lurraldeko hautetsi eta herritarrei elkarrizketa eta ideia trukaketa onartzeko tenorea heldu zaie, laborantxako lurren zaintzearen problematikari buru egiteko, bistan dena laborariak elkarrizketa hortan sartuz.

Nahi Dugun Herria