Skip to content

Kanbo 2023/04/14a, oposizioko hautetsiak kontseiluko biltzarretik ateratzen dira : argitasunak

2003ko apirilaren 17an Sud-Ouest egunkariak Kanboko apirilaren 14ko Herriko Kontseiluari buruzko artikulu bat agertarazten zuen. Artikulu hau irakurriz, ohartu gira kanboarrek ezin izan zutela ulertu oposizioko hautetsi guziak zertako kontseilutik atera ziren.

Hona beraz gauzak nola gertatu diren.

2022ko abenduaren 21ko Herriko Kontseilua

Euskal Herri Hirigune Elkargoaren eskariz, « Bide » batzordeak herriko bideen ber-helbideratze eta izendapen elebidun bat landu ditu, euskarazko izendapena Euskaltzaindiak balioztatu duelarik. Kontseiluak aho batez bozkatuko du izendapen hori.
Ondorioz, bide seinale berrien plantan ezartzea zen ondoko urratsa.

Hala ere, igurikapen ororen kontra, txosten horren ardura zuen batzordea berriz deitua zen 2023ko apirilaren 3an herriko etxean, gehiengoaren hautetsi Roger Barbierren gogoz. Deialdi honen helburua : bide batzuen izena berraztertzea, ordura arte egina izan zen lan handia zalantzan jarriz, bai eta 2022ko abenduaren 21eko bozketa ere.

2023ko apirilaren 3ko « bide » batzordea

Bilkura horretan, Roger Barbier-ek bide batzuen ortografia zaharra atxikitzea proposatzen zuen, nahiz eta okerra izan. Ortografia hori Euskaltzaindia oraindik sortua ez zen garaian erabaki zen. Kontserbatzea, erdi aroko frantsesez idaztea bezalakoa litzateke, egungo frantsesa erabili beharrean, Frantses Akademiak baliozkatua.
Peio Etxeleku eta Lilian Hirigoyen hautetsiek ez dituzte onartu aldaketa guztiz funsgabe eta irrazional horiek. Hizkuntzalaritza argudioak ekarri dituzte, Euskararen Akademiari erreferentzia eginez, euskararen ortografia erreforma ezberdinak azaltzeko, bainan debaldetan.
Horri, Roger Barbierrek erantzun du bi hautetsi horietako bat terroristatzat joz.
Irainaren aintzinean, hauek saioa utzi dute.

2023ko apirilaren 14 : Herriko kontseilua

Kontseilu horren bigarren gaia, « aintzinamendu kontratua », zeinaren bidez herriak euskararen aldeko ekintzak bideratzen dituen, apirilaren 3ko gertakari larria aipatzeko parada izan da.
Peio Etxelekuk hitza hartu du alde batetik bideen izen berriari buruzko lana haundiaren zalantzan jartzea salatzeko, eta bestetik Roger Barbierren « salaketa larri, mingarri eta umiliagarriak » salatu ditu.
Lilian Hirigoienek, Nahi dugun herria zerrendaren izenean, izen berrien hautuaren arrazoiak azaldu ditu (linguistikoak, sozio-linguistikoak, akademikoak, instituzionalak) eta 2022ko abenduko bozka ziurtzat jotzea eskatu du.

Egin-eginean ere, Auzapez jaunak, bere bozeramailearen ahotik, jakinarazten zigun ondoko Herriko Kontseiluan Roger Barbierren eskaerak baliozkatuko zituen bozka berri bat antolatua izanen zela.
Azkenean, erabaki horrekin, Devèze jaunak erakutsi du Kanboko herriko etxean irainak eta mespretxua sarituak direla eta euskara bere egoera gutietsi eta folklorizatuan atxiki behar dela.
Egoera hortaz aseturik, oposizioko 9 hautetsiek kontseilutik joatea erabakitzen zuten.

Christian Devèze-k Sud-Ouesteko artikuluan errandakoaren kontra, hautetsiek ez zuten, inola ere aitzineko kontseiluan eztabaidatuak izan ziren aurrekontuaren bozketarik eskapatu nahi izan. Eztabaida horietan, beren ezadostasunak nabarmenduak zituzten, batez ere ondasun higiezinen gaineko zergaren igoerari buruz, eta aurrekontu horren kontra bozkatzea erabakia zuten. Azkenean, bozketa ongi iragan da, eta herriko garapena eta martxa ona ez dira batere trabatuak izan.
Maniobra horren bidez, Devèze jauna arazoa mugitzen saiatu da, eta hori eginez, Roger Barbierren eraso larriei garrantzia kendu nahi izan die eta euskarari ematen dion garrantzia eskasa berretsi du.


NAHI DUGUN HERRIAren hautetsiak